XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTEKO BERRIAK. Zertako!

Erran dautzuet, azkeneko aldian, nola Combes ministro nausiak bi multzotan ezarriak dituen Frantziatik khendu nahi lituzken fraideen ordenak: multzo batean predikariak; bertze multzoan eskola-emaileak.

Irakurtu duzue ere zer derasoten deputatueri eta zenaturreri, othoizten dituelarik ez detzaten fraide hoik utz Frantzian egoiterat.

Bainan, bi multzo hoitarik kampo, bada ordena bat bakharrik ezarria; eta hori da Chartreux erraiten zaioten fraideen ordena.

Fraide hoik ez dire ez predikariak ez eskola-emaileak bainan othoitz egile handiak; holakoen beharra ere baitugu nehoiz baino gehiago oraiko egunetan, Jainkoaren hasarrearen eztitzeko.

Bizi dire arras garrazki beren komentuetan, ichiltasunik handienean, bakhotcha bere etchola berechean, bere liburuen erdian, eta bere baratze ttikia arthatzen duelarik.

Ez dire elgarretarat biltzen elizan beizik, othoitz egiteko

Ordena hortan sartzen dire maiz jaun handiak eta aiphatuak, munduko atseginez eta llillurakeriez nardaturik, beren baithan sartzeko eta beren hutsez Jainkoari barkhamendu eskatzeko.

Combes ministro-nausia, nola jadanik, gazte demboran, erdi fraide ibilia baita, beldurtu othe da Chartreux bilhakatzeko lehia egun batez jin zakion?.

Nork daki?.

Beldur horrekin beharbada nahi ditu igorri Frantziatik urrun bere buruari bertzela ezin fidatuz.

Aphez-gei, sotana soinean, lehenago izana denaz geroz, aski ikhasia da jakiteko holako zerbeiten beharra ukhanen duela, nahi badu, athe zilotik bederen, zeruan sartu.

Chartreux direlako fraide hoik, Italiako mugetarik urrun ez den komentu batean, beren mendietan biltzen dituzten landare berezi batzuekin, egiten dute edari bat aiphatua, Chartreuse erraiten zaiona.

Diru hainitz irabazten dute edari horrekin; eta Jainkoak daki noraino eta zoin ausarki barraiatzen duten diru hori, batzueri eta bertzeeri laguntza egiteko.

Hango bereko erromesak ez dire deusen eskasian; inguruna guzian badire eliza eta eskola ederrak, heieri esker eginak.

Badakite emaiten beren ingurunetarik urrun ere: gure Eskual herrian berean ezagutzen ditut erretorak, heien ganik ehun liberako paper bat eta zeubeitek gehiago ukhan dutenak, beren eskolentzat edo elizentzat.

Bertzalde, zenbat langile ez dituzte bizi-arazten, emaiten dioten lanetik! Horra zertako galde hainiz egina izan den gobernamenduari buruz, othoizteko fraide hoik onetsiak izan diten, zeren kalte handia bailiteke hoien galtzea bereziki komentua den eskualdearentzat.

Eta zer egin du Combes ministro-nausiak?.

Galdatzen diote deputatueri, kamporat eman detzaten fraide hoik ere, bertze gehienak bezala.

Zertako bada hori?- Baderasa jaun horrek elhe frango; bainan ezagun da arras errechki, estakuru hainitzen erditik, zertako chuchen jazarri nahi zaioten fraide on hoieri.

Hasteko, huna bizpahiru estakuru.

Jaun ministroa errenkura da, badirela, komentuko inguruan, herriak zorren azpian direnak, behar baino eliza ederragokoak egin dituztelakotz, komentutik ukhan dirua sobera berenetik berratuz.

Bainan Marseilleko mariñelek ez dute batere holako galderik egiten.

Hoik berek aithortzen daukutenaren arabera lana utzia dute, bazterren nahasteko bakharrik, eta ez deus bertzetako.

Hola bazterrak nahasiz, nahi lituzkete zozialistak eman nausitzat Frantzian lehenbailehen.

Marinako ministroak, nahi balu, zerbeit egin ahal lezake mariñel hoieri buruz.

Bainan badakizue marinako ministrotzat dugula, orai, Pelletan deitzen den tresna tzar bat.

Zozialisten adiskide handia da, eta huna zerdion erran kazeta-egile bati: mariñel hoik ederki dabiltzala hola.

Handik eta hemendik

Angleterran, jendea protestanta da, bortzetarik lau bederen.

Eta bizkitartean, huna zer lege berri egin duten, eskoleri buruz, erresuma hortako deputatuek eta zenaturrek, erregeren baimenarekin.

Badire erresuma hortan, Frantzian bezala, eskola erlisione gabekoak, eta eskola erlisione danak.

Orai arte hango gobernamenduak, gure gobernamenduak bezala, ez zituen pagatzen eskola erlisione gabekoetako errientak eta errientsak beizik.

Hemendik aitzinat hango gobernamenduak pagaturen ditu eskola erlisione dunetako errientak eta errientsak ere, izan dadien erlisione hori ala protestantena ala katholikoena, oro berdin.

Zorionezko jendeak ditugu Angleterrako katholikoak! Atsegin dugu egiazki hoien zorionaz.

Badute hoik gobernamenduaren ganik, beren eskolentzat, ala libertatea ala dirua.

Eta guk hemen!!!....

- Venezuela da, Ameriken erditsutan, errepublika bat, bi miliun eta lau ehun mila arima dituena.

Aspaldian, han bereko jendeak gerlan ari dire elgarrekin: batzuek nahi lukete Presidenta khendu, eta bertzeek atchiki.

Gerla hortan, han dagoden Angles eta Alaman zenbeitek bidegabe handiak ukhan dituztelakotz, Angleterrako eta Alamaniako gobernamenduak errenkuratu dire.

Presidentaren ganik ezin deusik ardietsiz, igorri dituzte harat gerlako untziak, eta jadanik kanoia ukhaldika hasiak dire.

Hango jendea arras hasarretua omen da; bainan zer egin dezake holako etsai batzuen kontra?.